jueves, 28 de mayo de 2015

EHUNEKOAK NOLA IDATZI

Eskaera bati kasu eginez, gaur saiatuko gara ehunekoak nola idatzi behar ditugun adierazten.

1. Nola idatzi behar ditugu?
- Digituz idazten da.
- % sinbolaren eskuin aldean, eta bien artean hutsunea utziz (nahiz eta IVAPeko estilo liburuan kontrakoa adierazi, ematen du zabalduena hutsunea dela): % 8 ; % 78,20
- Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatziko dugu:

Botoen % 48 lortu du hautagaiak / % 48 boto lortu du hautagaiak

2. Nola deklinatu? Kasuan kasuko atzizkia erantsiko diogu zenbakiari, marratxorik gabe.
Kutxak % 13ko hazkundea izango du / Prezioak % 5 igo dira

3. ZENBAT? galderari erantzuten diote, eta ez dagokie artikulurik…
Deitutakoen % 10 etorri zen batzarrera / Deitutakoen % 10a etorri zen batzarrera
Telebista-kateen % 25 euskaraz da / Telebista-kateen % 25a euskaraz da
Inkestatuen % 7k uste du ona dela / Inkestatuen % 7ak uste du ona dela
Langileen % 10ek istripuren bat izan du / Langileen % 10ak istripuren bat izan du

... salbu eta, aurretik emandako ehuneko kopuru(ar)en osagarri delako, mugatu singularrean jokatzen den kasuan. Esaterako, aurretik gainerako edo beste badute:
Gastuen % 89 udalena da; %8, mankomunitateena, eta gainerako % 3a, kontzejuena.
Auzokoen % 25 alde dago, eta beste % 75a aurka

4. Ehunekoak singularrean egiten du aditzaren komunztadura:
Zuetatik  % 8k erantzun du ongi (ez da gomendatzen pluralean jartzea: Zuetatik % 8k erantzun duteongi).

5. Aldea adieraztean, zenbat eta zenbatez erabiliko ditugu, eta ez zenbatean:
Prezioak % 5 igo dira / Prezioak % 5ez igo dira / Prezioak % 5ean igo dira.

Egokia da zenbatean kasu honetan: Arropa %50ean jarri dute merkealdian

Iturriak: 
EHULKU (hor dauzkazue EHUk jarritako aholku guztiak).
- PETRIRENA, Patxi. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz, 2011

No hay comentarios:

Publicar un comentario