GORBATA
Gorbata joan den mendeko ohitura burges eta herrikoia, bietan bat bai. Igande goizeko mezetara joateko gorbata jantzi; meza ondoko bermuta hartzeko gorbata; igandeko bazkarirako eta bereziki ezkontza zegoen egunetan, baita jaunartzea zegoenetan ere, gorbata meza denboran eta bazkariaren hasieran; haatik dantzaldia hasten zelarik gorbata behera. Joan den mendeko zazpigarren hamarkadako anekdota bat oraindik badut gogoan, ingeniari eskolan oraindik ikasle nintzelarik. Karrera handiko ingeniari zahar bat tuneli buruz mintzaldi baten egitera etorri zitzaigula, gorbata jantzi behar genuen ikasle guztiok, errespetua erakusteko eta laster ukanen genuen lanpostuari egokitzeko. Barnean aurka izan arren, jantzi genuen gorbata zigorra ekiditeko; kontuan hartu behar da 1968 maiatzeko iraultzatxoa hortik pasatu zela eta geure gogoetan arrastoak utzi zituela. Baina zer ezuste galanta ukan genuen, ikusi genuelarik mintzalaria poloz jantzita etorri zela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario