Ganean daukaguz San Juanak be. Sua, ura eta landarak dira garaiotako erritoak, nahiz eta gehienok suarena bakarrik ezagutu.
San Juan sua
San Juan bagilaren 24an ospatzen dogu. Orduan da udako solstizioa, egunik luzeena eta gaurik laburrena. Sasoi honek, neguan Gabonakaz bat eginda pasetan dan moduan, hainbat siniskera eta ohitura ditu inguruan. Ha ta guzti be gehien-gehien suagaz lotzen dogu jai hori.
Sua bezpera iluntzean egiten da, etxeko landan, edo auzuneko soloetan, edo herrian gaur egun. Gero ta leku gehiagotan egiten dala esan lei, baina lehen soloakaz lotutako siniskeretan oinarrituta egoan. Suaren ganean salto egiteko ohitura egon da, zuziak hartuta soloetan kantuak edo esakera batzuk esatea be bai. Batzuk konjuro modukoak dira, soloak lapur, zapo eta sugeetatik libre egon daitezan.
Konjuroak:
· San Juan bezpera, sarna fuera. Ogia eta ardoa etxera. Atsozaharra ganbilpera, neskilla gazteak txokolatea hartzera.
· Gure ortuan gindalorea san Juanetako heldua, san Juanak baino lehenago gure usoak batu.
· Gaur dala bihar dala Doniane, etzi san Juan biharamona, gure soloan lapurrik ez, badagoz be erre beitez.
· San Juan, San Juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre, biba san Juan berde
· San Juan Bautista, onak barnera, gaitza kanpora, bakea eta osasuna komeni bada. Sarna fuera!
· San Juan bezpera, sarna a fuera. Ogie ta ardoa etxera. Atso zaharra gangelpera. Neskatxa gaztiak txokolate hartzera.
· San Juan bien, sarna (azteria) fuera! San Juan Bautistaren izenean salto!
Errefrauak:
· Egunik luzeena San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziena.
· Eguzkiak San Juanetan dantza.
· Gaur da San Juan, bihar «juan zan».
· San Juan (Donibane, Jondone) euritsu, urtea ogitsu.
· San Juan eguna, argitu orduko iluna.
· San Juan euri gabie, urte ogi gabie.
· San Juan, artoa eta ogia kanpoan.
· San Juan, nekez etorri ta azkar joan.
· San Juanek esku batean sua eta bestean uda.
· Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.
· Udara, San Juanetatik San Pedrotara.