ASUN
Asun, hirurogei urteko emakumea,
hiri honetako zuhaitzen hostoak
zelan jausten diren begira.
Asun, hirurogei urteko emakume
oraindik oso ederra,
bere udazkenean.
Gizonik topatzeko
ez zenuen momenturik izan?
galdetu diote hainbatetan,
eta irribarre triste batez ezetz
erantzuten du halakoetan.
Asun, hosto jausiei begira,
bere oroitzapenetara bildu da,
eta bihotz minez gogoratu du
ez zuela une egokia topatu
Begori maite zuela esateko,
ez zuela adorerik izan
Begoren ezpainak musukatzeko.
Asun, hosto jausi berriei begira,
bere udazkenean.
Paddy Rekalde. “Bilbao dub kronikak”
No hay comentarios:
Publicar un comentario