Bagilean sartu gara gaur:
Bagil argia, urte guztiko argia.
Ekaina ederra, uda igual antzera.
Maiatz iluna eta bagil (ekaina) argia, urte guztiko ogia
San Juan bagilean denpora ederrean, artoak eta gariek gorde, zapoak eta sugeak erre!
Ganera bagilean Urkiolako San Antonio, San Juanak eta San Pedroak be ospatuten dira.
Animo ba! badau eta non ibili.
ERROMERIA
San Juan, San Pedro, Santa Mariñe, Magdalenak, Santiago, San Inazio... heldu dira zorionez udako jaiak eta eurakaz batera parrandarako atxakia. Gaur egun egiten ditugun ospakizunak eta antzinekoak ez dauke alkarren antzik be, eta gitxiago gabaz egiten ditugun jaialdiak eta gau-pasak.
Antzina dantza, erromeria, edo inguru batzuetan esaten dan legez, jolasa, era bitakoa izaten zan; batetik, domekaro (Garizuman eta Aste Santuan izan ezik), ilundeko zortzirak edo bederatziak arte, abemariak jo arte egiten zana; eta bestetik, jaiegunetan eta herriko jaietan gauerdira arte egiten zana.
Erromeria gazteen bilgunea izaten zan, lagun barriak ezagutu eta betikoak ikusteko aukera ederra. Neskak hamahiru-hamalau urte beteta joaten hasten ziran, eta mutilak hamabost-hamaseigaz. Gaztetxuagoak be joaten ziran, baina bazter baten geratzen ziran ikusten, dantza egin barik. Kontuan izan behar dogu orain dala hamarkada batzuk neska-mutilek alkar ikusteko aukera gitxi izaten ebela, eta horregaitik ez eben erromerietara joateko aukerarik alperrik galtzen.
Jolasa egiteko leku nagusia herriko plaza izan da beti, baina frontoietan, larreetan, eta egun seinaladuetako erromeriak direla-ta, baselizen inguruetan be egin izan dira.
Mende hasieran gehien egiten ziran dantzak; biribilketa, jota edo fandangoa eta arin-arina edo porrusalda izan dira. Dantza solte horreez gain, dantza lotua edo baltseoa be egiten zan, lehenengo neskak nesketara eta gero, lar arrimau barik, neska-mutilak alkarregaz, beti be mutilak dantza eskatu ostean.
Gehien erabiltzen ziran musika-tresnak txistua eta tanbolina; soinua, eta gaur egun berriro be hain modan parau dan trikitrixa eta panderoa izaten ziran. Askotan musika-tresnakaz batera koplak abesten ziran, eta horreetako bat erabiliko dogu:
Hauxe da despedidea,
despedidearen tristea,
agur aita eta ama,
agur neure maitea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario